domingo, 15 de enero de 2017

BAKEaren aldeko ipuina: ATZAMAR LODI HASERREKORRA

Esku bateko atzamarrak adiskide handiak ziren, baina eskuaren jabea lan arriskutsua egiten hasi zen eta, kontuz ibili arren, atzamar lodia gaizki samar ateratzen zen, ebakiak eta zauriak jasan behar izaten baitzituen. Hasieran, beste atzamarrek barkamena eskatzen zioten, behar besteko kontuarekin ez zebiltzalako. Atzamar loditxoak barkatzen zien; baina gauza berbera hainbestetan gertatu zenez, atzamar lodia nekatu egin zen eta gehiagotan ez barkatzea erabaki zuen. Hortaz, eskuko beste atzamarretatik aldendu egin zen.


Hasieran atzamar lodia zuzen, tente eta artez joaten zen, beste atzamarretatik urruntxo eta aldenduta. Baina itxura edo jarrera hura behartua zen, gogorra, barregarria eta jabea eskua beti poltsikoan sartuta eramaten hasi zen. Han barruan atzamarrek iluntasunean eta ezinikusian bizi behar zuten eta.

Orduan atzamar lodia dena bere erruz gertatu zela konturatu zen eta beste atzamarrei barkatzeko eskatu zien, beldurrez eskatu ere, ezetz esango ziotelakoan. Atzamarrek, ordea, berehala barkatu zioten, denok huts egin dezakegula ondotxo baitzekiten.

Behin adiskidetu ondoren, atzamar guztiak, denak batera, jabeari ondo zeudela eta lana ondo egiten zutela erakusten ahalegindu ziren… eta laster argitara irtetea lortu zuten. Ikasia zuten beti barkatu beharko ziotela elkarri, jabeak poltsiko triste eta ilunean zokoratzerik nahi ez bazuten.

Gogoetarako galderak:

·         Jainkoak beti barkatzen digu… DENA eta DENOI. Zuk asko ala gutxi barkatzen duzu? Kostatzen zaizu barkatzea? Zergatik?

·         Inoiz, ondo ez dagoen gauzaren bat egiten duzunean, eskatzen duzu barkamenik?

·         Zer nota jarriko zenieke zure ikaskideei barkatzeko gaitasunari dagokionez?



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada