domingo, 28 de mayo de 2017

Gogoeta: ESKER ONAri eskuak luzatu



    Azkenean iritsi zaigu azkeneko hilabetea. Guztiok gogoz gaude oporrak hartzeko egindako lan gogorraren ondoren. Gainera, eguraldi ona, egun luzeagoak, eskolan bakarrik goizez egotea, San Martzialak gertu ditugu… guzti hauek kontent egoten laguntzen gaituzte. 

      Gure ingurura begiratzen badugu konturatuko gara zoriontsu egiten gaituzten gauza eta pertsona pilo bat daudela. Benetan eskertzekoa da Jainkoak eman digun bizitza. Baino zenbatetan ematen ditugu eskerrak? 

     Egunero gure bizitzan pertsona askorekin izaten gara harremanetan eta horregatik oso garrantzitsua da jakitea nola jokatu behar dugun. Denbora asko pasatzen dugu protestatzen eta gustatzen ez zaizkigun gauzez hitz egiten. Eta norbaitekin haserretu ezkero, hau gogor kritikatzen dugu eta mundu guziari kontatzen diogu. Egun oso batean zehar begiak itxi ez gero, konturatuko ginen denboran guztian iskanbilak entzungo genituela, baita haserreak ere. 

Baina konturatu al zarete gure inguruko pertsonak gure altxorrik preziatuenak direla? Zer egingo genuke beraiek gabe? Egia da batzuetan eztabaidak edo arazoak ditugula, baino askoz ere garrantzitsuagoa da ohartzea gure lagunek eta ingurukoek gugan sor ditzaketen poza eta sentimendu onak. 

Horregatik azkeneko hilabete honetan ahaleginduko gara eskerrak ematen. Doakoa da eta ez zaigu ezer kostatzen; eta bueltan jasotzen duguna oso handia da: gure ingurukoek irribarreak eta zoriontasunak. 

- Zergatik eman ditzakegu eskerrak?
- Zer dut inguruan pozten eta alaitzen nauena?
- Normalean zer egiten dut gehiago, protestatu ala eskerrak eman? Zer egin dezaket hori aldatzeko?



lunes, 22 de mayo de 2017

Keinua: MULO PROIEKTUrako SOBREAK

   Hilabete honetan Santa Juanaren ospakizunak egingo ditugu, bertan elkarrekin kantatuko dugu eta dinamikak egingo ditugu. Beraz, ez dugu honi guztiari ezer gehiago gehituko. 

    Hau dela eta, pentsatu dugu hilabete honetako keinu xumea MULO proiekturako diru bilketa izatea. Aurreko astetan banatutako sobretxoak bilduko ditugu eta FISCera eramango ditugu. Dinamika honen helburu nagusia elkar laguntzearen kontzientzia piztea da. Guztion artean herri horretako ospitalea martxan jartzeko gai gara. Ea lortzen dugun denok parte hartzea proiektu polit honi laguntzeko.



domingo, 14 de mayo de 2017

Bideoa: LOKARRIAK (CUERDAS)




Bideoa ikusi eta guztion arteko “gogoeta” txiki bat egin ondoren ondorengo galdera erantzun: 

- Zer da SOLIDARIOA izatea bideo honetan? 
- Zein pista ematen ditu bideoak gure ingurua SOLIDARIago izateko?
- Zer egin dezakezu ZUK zure inguruan SOLIDARITATEA egon dadin?


domingo, 7 de mayo de 2017

Ipuina: SAGUTXOA eta LEHOIA

   Sagutxo bat lotan zagoen lehoiaren bizkar gainera igo zen. Lehoia esnatu zen eta gure sagutxoa atzapar artean harrapatu zuen. Sagutxo gaixoak honela erregutu zion lehoari:

- Aska nazazu arren! Utzi bizirik eta ordainduko dizut!

Sagutxoaren erreguaz barrezka, lehioak esan zion:

- Ze ordain eman dezake sagutxu gaixo honek?

Hala ere, lehoia errukitu zen eta sagutxoa pakean joaten utzi zuen.
Egun batzuk geroago, eiztari batek gure lehoia sare sendo baten barruan harrapatu zuen. Lehoia indartsua izan arren sare artean gelditu zen, zirkinik ere egiteko ez zela. Ikaragarrizko samintasunez hasi zen orroaka. Sagutxoa, orroa entzun bezain pronto, zulotik atera eta lehoarengana joan zen:

- Zer dugu lehoi jauna?

Lehoiak orro haundi bat eginez arantzun zion:

- Zer dudan? Arranopola!!! Harrapatzen bazaitut ikusiko duzu…

Eta sagutxoak:

- Ez estutu, nik askatuko zaitut eta.

Eta lehoiak:

- Bai, zera egingo duzu zuk!!!

Orduan sagutxoak bere hortz zorrotzekin sareari heldu zion eta lokarriak ebakiz lehoia askatu zuen. Horrela erakutsi zion saguak lehoari, haundi eta indartsua izan arren ez dela ezetsi behar txikia eta argala, azken honek ere iritsitako unean lagundu dezake eta.




Hausnarketarako galderak:

- Zer esan daieteke lehoiari buruz? Eta sagutxoari buruz?
- Zertan antzematen da istorio honetan solidaritatea?
- Noiz izan gaitezke solidarioak gure artean? Egoerak asmatu.
- Nola izan gaitezke solidarioak MULO proiektuan?

domingo, 30 de abril de 2017

Gogoeta: SOLIDARITATEAri eskuak luzatu

   Hilabete hau oso berezia da gure eskolarentzat eta munduan zehar Mariaren Lagundiak dituen beste eskolentzat ere. Gure fundatzailearen eguna ospatuko dugu eta hori ez da txantxetako gauza! Eskolan hasi zinetenetik entzun diguzue irakasleoi Santa Juanaren inguruan hitz egiten eta egindako lan izugarria goraipatzen. Baina gure helburua ez da bere istorioa buruz ikastea, baizik eta Santa Joanaren pausuak jarraitzea da gure helburu nagusia, alegia.

   Urtero Juanaren ezaugarrietako bat izaten da protagonista, eta aurtengoan “solidario izatea” izango da. Juanak asko sufritu zuen bere bizitzan zehar izandako arazoengatik, baina guztietatik aurrera eginez atera zen. Nola lortu zuen? Ba ez dago misterio handirik; bere nahiari esker atera zen aurrera, beti bere bihotzari entzuten baitzion. Zenbaitetan nahi ditugun gauza guztiak ezin ditugu bakarka egin. Joana oso emakume eta pertsona onez inguratu zen.

   Gu ere egunero pertsonez eta lagunez inguraturik gaude eta hauekin harremanetan egotea ezinbestekoa da. Batzuetan ez da erraza gauzak guk nahi ditugun bezala egitea, besteekin adostasun batera iritsi behar dugu eta. Baino horretaz gain, oso garrantzitsua da gure inguruko pertsonak oso ondo zaintzea. Eta horretarako daukagun armarik handiena maitasuna eta solidario izatea da. Gure lagunak maitasunez tratatzen baditugu eta gugatik egiten dituzten gauzengatik eskerrak ematen baditugu, zaila izango da arazoak sortzea.

   Ez zaigu gehiegi kostatzen eskerrak ematea, azken batean hitz bakarra da. Baina benetan bihotzetik ateratzen bazaigu, guztiz baliotsua izango da ingurukoekin gustura sentitzeko. Guztiei gustatzen zaigu egiten ditugun gauzengatik eskerrak ematea; eta horretarako guk ere eskerrak ematen ikasi beharko dugu. Ez ahaztu Kongon dugun proiektuko pertsonak gurekin erabat kontent daudela, azkenean beraien eskola mantentzea lortu dute eta. Hala ere, guk ere beraiei eskerrak eman behar dizkiegu, asko ikasi baitugu, besteak beste, solidarioak izaten.

Beraz, Santa Juanaren antzera,
SOLIDARIOak izan gaitezen.



sábado, 8 de abril de 2017

NOR DA HAU? Aste Santuan sartzen

Igande honetan Erramu Igandea da. 
Jakin nahi al duzu noren inguruan ari gara?



Jerusalemen sartzean, jendeak algaraka galdetzen zioten elkarri:
- Nor da hau?
Berarekin zeudenek hauxe esaten zuten;
- Nazareteko profeta da eta Jesus du izena.

martes, 28 de marzo de 2017

LESTONNAC TALDEAK

   Aurreko igandean, martxoaren 26an, Paseo Koloneko parkingean Caritasek jarritako museo ikusi genuen, baita Junkal parrokiko kanpaidorrera igo ginen ere. ELKARBIZITZArako egun polita izan zen. Hona hemen bideoa: